Bilbao

Autonomia kalea oinezkoentzat atseginago egiteko lanak hasi dira

Bilboko Udalak hasi du Zabalbururainoko bide osoa eraldatzeko EAJ-PNVk hauteskunde egitasmoan jaso zuen proiektuaren lehen fasea. La Casilla plazatik Calixto Díez enparantzara bitarteko zatian hasiko dira, espaloiak zabalduz eta berdegune eta egoteko gune berriak sortuz

Autonomia kalea oinezkoentzat atseginago egiteko lanak hasi dira 05Azaroak
2025

Errekalde
2025 AzaroaK 05Errekalde

PARTEKATU

Bilboko Udalak gaur hasi ditu Autonomia kaleko hobekuntza lanak, La Casilla eta Calixto Díez enparantzen arteko tartean. EAJ-PNVren hauteskunde egitasmoan jasota dagoen proiektu hau izango da Zabalbururainoko bide osoa eraldatuko duen proiektu handiago baten lehen fasea. Lanen artean aurreikusita dago espaloi handiagoak jartzea eta berdegune eta egoteko gune berriak sortzea, hiriko kale nagusi hau oinezkoentzat atseginagoa izan dadin. Bi helburu argi lortu nahi dira: ibilgailuen zirkulazioaren abiadura murriztea eta oinezkoentzako espazioa irabaztea.

Zehazki, guztira 903.371,90 euro bideratuko dira bost hilabeteko epea duten lan horietarako. Hala ere, behin-behineko jarduketatzat hartzen da proiektu hori, tranbiaren eraztuna itxi arte ezin izango baita behin betiko jarduketarik egin. Izan ere, eraztunak inguru horretan eragina izango du, eta eraztuna Abandoko geltoki berriaren obrek baldintzatzen dute.

Hainbat erabileratarako plataformak

Autonomia kalerako proiektuak Sabino Aranan eta María Díaz Harokon egindako eraldaketa ingurune horretarantz zabaldu nahi du, protagonismo handia izango baitu La Casillako ekipamendu berriaren obrari ekiten zaionean. Horregatik, lehendik dauden espaloiak eta oinezkoentzako espazioa handitzeari ekingo zaio, bai eta berdegune eta egoteko espazio berriak sortzeari ere.

Hori guztia egiteko, elementu batzuk jarriko dira plataforma modura, bidearen eremuan eta espaloiaren kotan (espaloiaren hedadura gisa), eta, horrela, oinezkoen espazioa handituko da. Plataforma horiek ‘parklet’ motakoak izango dira eta askotariko diseinuak eta erabilerak izango dituzte. Batzuetan, esaterako, egoteko guneak sortuko dituzte eta ia elementu berderik edo naturalik ez duten kale bati landareak gehituko dizkiete. Beste batzuetan, ordea, ostalaritzarako erabiliko dira edota autobus-geltokien itxaroteko espazioa handituko dute, eta, horrela, espaloietan espazio gehiago egongo da joan-etorrietarako. Gainera, espaloietako drainadura- eta argiteria-sarea berrituko da, zerbitzu horiek banaketa berrira egokitzeko.

Altzariak

Proposatutako altzariek, ‘parklet’ motako plataformen bidez, Autonomia kaleko oinezkoentzako espazioa berreskuratzea dute helburu. Modulu horiek diseinatzean, zuhaitz eta landare txikiak jartzea sustatuko da errepidearen ondoko eremua landare-hesiz babesteko. Hiru espezietako zuhaitz ertain-txikiak landatuko dira (astigarrak, gorostiak eta zelkova japoniarrak), formak eta koloreak konbinatuta, baita askotariko zuhaixka-espezieak ere.

Plataformak hormigoizko zolata baten gainean jarriko dira, eta kanpoaldea Bilboko baldosen motako motiboekin inprimatutako xafla aurrelakatuarekin forjatuko da. Bestalde, plataformetan jartzen diren bankuak eta bizkarraldeak egur termotratatuzkoak izango dira, eta beso-euskarriak, altzairu galbanizatu pintatuzkoak. Parklet-etako batean pergola bat jarriko da, Gordoniz kaleko izkinatik gertu.

Interesatu Zaitez

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!