Rafaela Ibarra kalea hobetzeko eta berrurbanizatzeko proiektua sustatu du EAJ-PNVk
Talde jeltzaleak bete egin du Deustuko herritarrekin hitzeman zuen konpromisoa, espaloiak zabaltzea eta inguru osoan irisgarritasuna hobetzea ekarriko duen proiektuari bultzada ematean
EAJ-PNVren udal taldearen ekimenez, Bilboko Udalak datozen hilabeteotan helduko dio Rafaela Ibarra kalea hobetzeko eta berrurbanizatzeko proiektuari, 2023ko udal hauteskundeetarako hauteskunde egitasmoaren bidez jeltzaleek Deustuko herritarrekin hitzeman zuten konpromisoa betez. Guztira, 1.208.030,22 euro erabiliko dira obrarako; lanak esleitu eta hasi ondoren hamaika hilabeteko epea izango du bukatzeko. Lan horien helburua izango da espaloiak handitzea eta hiri-altzari berriak jartzea, eremu osoari koherentzia estetikoa emateko eta hurbileko eta duela gutxi berritutako beste espazio batzuekin lotzeko, hala nola Done Petri plazarekin eta Madariaga etorbidearekin.
Obra hiru fasetan egituratuko da, bat kaleko tarte edo etxadi bakoitzeko.
- Lehenengo zatia da oinezkoen joan-etorri eta jarduera handiena daukana, hau da, Agirre Lehendakariaren eta Madariaga etorbideen artean dagoena. Tarte horretarako, zenbaki bakoitietako espaloia nabarmen handitzea proiektatu da, orain dagoen aparkaleku-banda kendu eta galtzadaren zabalera murriztuko baita. Espaloi horretan, hiri-landarediko eremu berriak sortuko dira, Madariaga etorbidean egindako diseinu eta paisaia-tratamenduarekin bat etorrita, auzoaren jarraitutasuna eta identitatea sortzeko. Aparkalekua zenbaki bikoitien espaloian mantenduko da, mugikortasun urriko pertsonek aparkatzeko lekua, Bilbao Biziren puntu bat eta zamalanetarako guneak dituena.
- Bigarren zatia Madariaga etorbidearen eta Blas de Otero kalearen artean dago. Zuhaitzen txorko berriak jarriko dira, akabera berrietara egokituta, eta alboetan aparkatzeko banda biak gordeko dira. Zenbaki bikoitien aldean, espaloiak 4,40 metroraino zabalduko dira eta galtzadaren zabalera 3,5 metrora murriztuko da, ibilgailuen trafikoaren funtzionaltasuna arriskuan jarri gabe.
- Azkenik, bidearen hirugarren eta azken zatia Blas de Otero kalearen eta Botikazar erriberaren artean dago. Eremu horretan, jarduketa zenbaki bakoitietako espaloira mugatzen da; izan ere, beste espaloia aldez aurretik egindako esku-hartze batean berritu da. Ildo horretan, egin beharreko obrak hiri-multzoaren jarraitutasun funtzionala eta estetikoa bermatuko du, eta barne hartuko du hornidura-sareak, sare elektrikoak , zoladura eta dauden zuhaitz-txorkoak berritzea.