Bilbao

EAJ-PNV Bilbok Josu Ortuondo eta Ibon Areso omendu ditu hiriaren eta bilbotarren alde egindako lan guztiagatik

2026ko Bilboko Alderdikide Eguna larunbatean ospatu zen Deustuko San Pedro plazan, eta Bilboko afiliatu eta jarraitzaile ugari bildu zituen. Ekitaldian parte hartu zuten, halaber, Bizkai Buru Batzarreko presidente Iñigo Ansolak, Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otaduik.

EAJ-PNV Bilbok Josu Ortuondo eta Ibon Areso omendu ditu hiriaren eta bilbotarren alde egindako lan guztiagatik 29Apirilak

BILBO
ApirilaK 29BILBO

PARTEKATU

Larunbatean Bilboko afiliatuek Bilboko Alderdikide Eguna ospatu zuten. Bigarren edizio honetan, ekitaldia Deustuko San Pedro plazan egin zen. Jardunaldiaren barruan, trikipoteoa antolatu zen auzoan zehar, eta ondoren luntxa Batzokian.

Egun berezi honetan Bilboko alkate izan ziren Josu Ortuondo eta Ibon Areso omendu genituen, hiriaren eta bilbotarren alde egindako lana aitortuz eta balioan jarriz. Bertaratuen artean izan ziren Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea. Ekitaldian, gainera, Bizkai Buru Batzarreko presidente Iñigo Ansolak ere hitza hartu zuen.

Bilboren eraldaketari buruz, Aresok ezinbesteko beharra zela azaldu zuen, izan ere, «plan berriaren helburua enplegua berreskuratzea zen». Garai hartan Bilbo gainbeheran zegoen: enpresak ixten ari ziren eta milaka lanpostu galtzen ziren. Ortuondoren hitzetan, «Bilbo gris, zikin eta moralki etsita zen».

Plana martxan jartzeko unean, Aresok adierazi zuen oso garrantzitsuak izan ziren liderren laguntza izan zuela: jakintsuak, eskuzabalak eta adostasuna lortzeko gaitasuna zuten pertsonak. Horrez gain, Bilboko orduko alkatea zen Josu Ortuondo goraipatu zuen: «Bilboren eraldaketa-prozesua Josu Ortuondorekin hasten da; administrazioen arteko adostasuna lortu eta lidergo partekatua eraiki zuen».

Bere aldetik, Ortuondok nabarmendu zuen garai hartan talde bikaina osatu zutela: «Bilboko Udal Erakundeek oso ondo aukeratutako luxuzko taldea».

Era berean hasieratik egoeraren diagnostikoa egiteari ekin ziotela eta bi jardun-ildo prestatu zituztela azaldu zuen: barnekoa eta kanpokoa. Barne-estrategian, Udalaren egitura hobetu eta kudeatzeko gaitasuna indartzea ezinbestekoa zela ikusi zuten. Kanpo-estrategian, berriz, bost ardatzetan oinarritutako plana prestatu zuten: pertsonak, enpresak, komunikazioak eta mugikortasuna, ingurumenaren eta hiriaren berreskuratzea, eta kultura.

Garai hartan erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa izan zela; izan ere, Bilboko Udalak ezingo zion bakarrik aurre egin aldaketa-prozesuari azpimarratu zuten biek.

Ortuondok gogoratu zuen kritikak etengabe jasotzen zituztela, inbertsioak xahuketa zirela esanez, une hartako premia handiak kontuan hartuta. «Hori epe laburrean begiratzea da. Guk urrunago ikusten genuen. Eta diru-eralgiketa zela esaten zutena ehun aldiz biderkatu dugu».

Ondoren, alkate gisa igarotako urteez gehien zer nabarmenduko luketen galdetu zieten. Aresok, batetik, lankideekin izandako adiskidetasuna aipatu zuen, baina baita «ametsak errealitate bihurtzen direla ikustearen poza» ere.

Horren harira, Bilboko Arte Ederren Museoan egin zen erakusketa baten pasadizoa kontatu zuen. Bertan, etorkizuneko proiektuen maketak aurkeztu zituzten. «Jendeak esaten zuen: politikariak berriro kea saltzen ari dira; hau maketen hiria da», gogoratu zuen. Azaldu zuenez, garai hartan etsipena nagusi zen eta herritar askok ez zuten etorkizunean sinesten. Maketa haiek irudikatzen zuten nahi zuten Bilbo berria, eta urteekin, egindako lanari esker, errealitate bihurtu dira.

Amaitzeko, Aresok adierazi zuen: «Bilbok esker oneko zorra du Josu Ortuondorekin».

Bestalde, Ortuondok honela amaitu zuen: «Onena da Bilbo berri batekin amestu genuela, eta amets hura ikusi ahal izan dugula eta oraindik ere ikusten jarraitzen dugula».

Iñigo Ansolaren hitzak

BBBko presidente Iñigo Ansolak Juan Mari Aburto Bilboko alkateari animo-mezu bat helaraziz hasi zuen bere hitzaldia, “egun gutxi barru berriro itzuliko da Udalera”.

Ansolak balioan jarri zuen EAJ-PNVren eredua, Bilboren eraldaketa ahalbidetu duen eredua, alegia. Eredu hori anbizio kolektiboan, hiriaren garapena gidatu duten pertsonen konpromisoan eta herri-harrotasunean oinarritzen dela nabarmendu zuen. “Bilbo mundu mailako erreferentea da hiri-, ekonomia-, ingurumen- eta kultura-eraldaketan; bizi-kalitatearen, integrazioaren eta etorkizuneko ikuspegiaren erreferentea da”, ondorioztatu zuen.

Bere hitzaldian, EH Bilduri dei egin zion euskal herritarrak gehien kezkatzen dituzten gaietan modu aktiboan parte har dezan: etxebizitza, segurtasuna, migratutako pertsonen integrazioa, industria eta kalitatezko enplegua. Ansolaren esanetan, EH Bildu «Madrilen bakarrik bustitzen da». «Hemen lan handia dago egiteko; erronka eta aukera ugari ditugu», azpimarratu zuen.

EAJ-PNVren konpromisoei dagokienez, BBBko presidenteak segurtasunaren arloan egiten ari den lana azaldu zuen. «Zezenari adarretatik heldu diogu. Elkarrekin ari gara lanean: Ertzaintza eta Udaltzaingoa», adierazi zuen. Hartutako neurrien artean nabarmendu zituen berrerortzearen aurkako lege berrien eta arma zurien aurkako araudiaren garapena, epaiketa gehiago egiteko eta epaiketak azkarrago egiteko eskaera, baita Eusko Jaurlaritzak giza baliabide eta baliabide ekonomiko gehiago bideratzea ere.

Ansolak kritikatu zuen beste gaietako bat migratutako pertsonen erregularizazioa izan zen. «Immigrazio antolatuaren alde gaude; harrera mailakatua eta integrazio-prozesu eraginkorra ahalbidetuko dituena. Eta hori ez da gertatzen ari», salatu zuen. Erabakiak hartzerakoan izandako «presak» kritikatu zituen, eta azpimarratu zuen «pertsona migratzaileak errespetuz, duintasunez eta gizatasunez tratatu behar direla».

Etxebizitzaren arloan, Iñigo Ansolak berretsi zuen EAJ-PNVk etxebizitza berriak eraikitzeko behar den lurzorua eskuragarri jartzeko duen konpromisoa. “Etxebizitza gehiago: publikoak eta pribatuak. Etxebizitza gehiago erosteko eta alokatzeko”, aldarrikatu zuen.

Azkenik, industriaren garapenak eta kalitatezko enpleguak dakarten erronkari heldu zion, eta hori «lehentasun nazionala» dela adierazi zuen.

Amaitzeko, euskarari egin zion erreferentzia, «gure altxorrik handiena» dela esanez. Ansolak azpimarratu zuen euskarak egiten gaituela euskaldun, eta iragarri zuen EAJ-PNVk zuzenketak aurkeztuko dizkiola Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko proposamenari. Era berean, gainerako alderdi politikoei dei egin zien “administrazio publikoan euskararen erabilera bermatuko duen adostasun zabal bat” eraikitzeko.

Interesatu Zaitez

Mikel Hidalgo - EAJ-PNVren Bilboko Alkatetzarako hautagaia
Zatoz gure Whatsapp kanalera