Alderdi jeltzalearen konpromiso politikoari erantzuten dio, Bilbori eta Bizkaiko Lurralde Historikoari kohesioa emango dien mugikortasun moderno, iraunkor eta eraginkor baten alde.
05Abenduak Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia, EAJ-PNVren gidaritzapean, Metroaren 4. linearen eraikuntzarako urrats definitiboa eman dute. Urteetako eskarien ondoren, orain modu erabakigarrian aktibatzen da proiektua, Euzko Alderdi Jeltzalearen apustu sendoari esker: Bilbori eta Bizkaiko Lurralde Historikoari kohesioa emango dion mugikortasun moderno eta jasangarri baten aldeko apustua.
Linea berriak Matiko eta Alonsotegi lotuko ditu, eta geltoki berriak izango ditu: Deustu/Unibertsitatea, Doña Casilda Parkea, Moyua, Irala, Errekalde, Zabalburu, Basurtu eta Zorrotza. Auzoen arteko lotura sendotzeak herritarren eskaerei erantzuten die: sarbide hobeak eta garraio publiko azkar eta fidagarria.
Imanol Pradales Lehendakariak eta Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak nabarmendu dute akordio hau hilabeteetako lanaren ondorio eta EAJ-PNVren apustu argia dela, metroa Bizkaiko garraio-sistemaren bizkarrezur gisa sendotzeko. 4. lineak hirigintza-kohesioa indartuko du, milaka pertsonaren egunerokoa erraztuko du eta aukera berriak ekarriko dizkie Bilboko hegoaldeko auzoei eta Enkarterriko eskualdeari.
EAJ-PNVk gobernatutako erakundeen aurreikuspenen arabera, lanak 2027 amaieran hasiko dira Errekalden, lehen fase horretarako 412 milioi euroko aurrekontuarekin. Era berean, FEVEren egungo sarea 4. linean integratzeko lan egingo da eta Irauregi-Alonsotegi lotura bizkortzeko urratsak emango dira.
Akordio honekin, EAJ-PNVk bere hitza betetzen du beste behin ere eta Bilbo eta Bizkaiko etorkizuneko mugikortasun-eredua eraikitzen jarraitzen du.