Alderdi jeltzalea, jai seguru, berdinzale eta inklusiboen defendatzaile irmoa, Bilboko Udalak martxan jarritako ‘Errespetu Nagusia / Respeto Nagusia’ estrategiaren alde agertu da, indarkeria matxistak, arrazistak eta LGTBIQ+fobikoak prebenitzeko eta horiei erantzuteko helburuarekin
13Abuztuak Aste Nagusiaren 45. edizioa hastear dagoen honetan, Bilboko Udala urteko ekitaldi jendetsuena prestatzeko azken lanetan ari da. Nabarmendutako neurri guztien artean, berriz ere protagonismo berezia hartzen du erasoei aurre egiteko udal estrategiak, aurten ere ‘Errespetu Nagusia / Respeto Nagusia’ lelopean ikusgai jarriko dena. Kanpaina hau Juan Mari Aburto alkateak eta Itziar Urtasun Berdintasun eta Jaietako zinegotziak aurkeztu dute gaur Arriaga Antzokian, eta Udalaren eta indar politiko nagusi gisa EAJ-PNVren konpromisoa indartzen du, indarkeriarik gabeko, ireki eta berdintasunean oinarritutako jai ereduarekin. Kanpaina honek adierazpen irmo eta kolektiboa egiten du, eta “Bilbo, hiri konprometitua eta eraso matxista, arrazista eta LGTBIQfobikorik gabekoa” mezua sendotzen du. Estrategia hau txupinaren jaurtiketarekin eta Marijaiaren lehen agerpenarekin aktibatuko da, abuztuaren 16an, larunbatez, Arriaga Antzokiko balkoian.
Bertan, Antzokiko sarreran, azaldu dira gaur goizean jaietan zehar erasoak prebenitzeko eta desagerrarazteko garatuko diren lerro estrategikoak eta dispositiboaren koordinazio-lanak. Ekitaldian zehar, Bilboko alkateak, EAJ-PNVk hirian duen ordezkaritza gorenak, azpimarratu du garrantzitsua dela Bilboko jaien eredua indartzen jarraitzea espazio libre eta seguru gisa: “Bilboko jaien eredua bakana, irekia, berdinzalea eta librea da. Eta babestu egingo dugu. Errespeturik gabe, ez dago jairik”. Gainera, erantzukizun kolektiboa aipatu du: “Aste Nagusia munduan bakarra izaten jarraitzea nahi badugu, gure jarreraz, erantzukizunaz eta elkarlanaz horrela dela erakutsi behar dugu”. Era berean, kanpaina honetan parte hartzera gonbidatu ditu herritar guztiak, “Udalak aliatuak bilatzen ditu (pertsonak nahiz kolektiboak), askatasunaren aurka sortzen ari diren erreakzioei aurre egiteko”.
Ildo horretan, Itziar Urtasun Berdintasun eta Jaietako zinegotziak bereziki gazteenei esan die –eta, zehazki, mutilei– “ez dugula zuen konplizitatea nahi, ezta zuen isiltasuna ere. Zuen ausardia nahi dugu. Zuzena ez den zerbait ikusten duzuenean, hori ondo ez dagoela esatea”. Gainera, hitz egiteko txandan, Itziar Urtasunek feminismoaren defentsan jardun du: “Badakigu gizon gazte eta heldu batzuek uste dutela feminismoa haien aurka doala. Baina feminismoa ez doa inoren aurka. Feminismoa errespetatzea da, pentsatzea emakumeok askeak garela, ondo pasatzeko eta gozatzeko eskubidea dugula, bakarrik irten gaitezkeela, nahi dugun bezala janzteko eta dantzatzeko eskubidea dugula... ezetz esan dezakegula, eta BAIETZ esan dezakegula. Izan ere, neskak, adin guztietako emakumeak, ez beti da ez, bai bakarrik da bai. Zerbaitek molestatzen badigu, argi eta garbi esan behar dugu eta, beharrezkoa bada, laguntza eskatu”.
Aurkezpenean parte hartu dute, era berean, Bilboko Konpartsak-eko kideek, Amaia Arregi Segurtasuneko zinegotziak, Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziak, Udalbatzako beste ordezkari batzuek, eta hiriko eragile sozial eta kulturalek.
‘Respeto Nagusia / Errespetu Nagusia’
Bilboko Udalak abuztuaren 16an (larunbata) aktibatuko du Jaietako eta Berdintasuneko Sailak bultzatutako Udal Estrategia hau, Udaltzaingoaren eta Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuaren laguntzarekin. Bilboko Udalak arreta-zerbitzua eskaintzen die indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuaren eta Udaltzaingoaren bidez.Erasorik gertatuz gero, laguntza psikologiko eta juridikoko zerbitzua dago erasotako emakumearentzat eta senideentzat.
Gorroto-erasoei, eraso arrazistei eta eraso LGTBIQfobikoei dagokienez, hala behar duten pertsonek, biktima izan direnek edo lekuko izan direnek 24 orduko Arreta eta Aholkularitza Zerbitzua izango dute bederatzi jai-egunetan, talde espezializatuekin. Zerbitzua jasotzeko bidea GLUZ edo Udaltzaingoa ere izan daitezke.
2022tik, Udalak ‘Puntu Moreak’ izenekoak zabaltzen ditu kontzertu-guneetan: Abandoibarra eta Europa parkea, Plaza Barria, Casilda Iturrizar parkeko pergola eta Plaza Biribila. Eraso sexistei buruzko eta gorroto, arrazakeria eta LGTBIQ+fobia izaerako erasoei buruzko prestakuntza jaso duen pertsona talde bat da. Arreta eta laguntza eskainiko dizkie behar duten pertsonei.
Gainera, aurreko edizioetan bezala, Udalak eta Bilboko Konpartsak-ek, jaiei lotutako entitateekin batera, Aste Nagusian eraso matxistak gertatzen direnerako aholkularitza- eta jarduketa-protokoloa berritu dute, eta kulturartekotasunaren eta LGTBIQ+aren ikuspegia txertatu dute.
Erasoen aurkako Udal Estrategia honek prebentzioaren eta komunitatearen aldeko lanaren aldeko apustuari erantzuten dio. Udako hilabeteetan, hainbat prestakuntza- eta informazio-saio egin dira Bizkaiko hiriburuan lan egiten duten elkarte eta entitateekin, merkatarien elkarteekin, ostalaritza-lokalekin, hotelekin, feriariekin, segurtasun- eta garbiketa-zerbitzuekin, garraiolariekin, festarekin zerikusia duten eragileekin (hala nola Konpartsak), eta beste entitate eta elkarte sozial batzuekin. “160 pertsona baino gehiago trebatu dira erasoen, indarkeria matxisten eta gorroto-gertakarien aurka. Uste dugu trebakuntzak eragin biderkatzailea duela eta onuragarria dela herritarrentzat”, zehaztu du Itziar Urtasunek.
Pegatinas con los teléfonos de atención a víctimas
Eranskailu batzuk diseinatu dira, telefono mugikorraren atzealdean eta komun publikoetan jartzeko, arreta behar izanez gero edo erasoak salatu behar izanez gero erabilgarri dauden telefono-zenbakiak erraz eta azkar ikusteko:
ITURRIA: Bilboko Udala