Agintaldiaren erdialdeko azterketa soziologikoak agerian uzten du alderdi jeltzaleak erreferentziazko indar politiko izaten jarraitzen duela Udalean, bai herritarren iritziz, bai boto-asmoari dagokionez
01Abuztuak Agintaldiaren erdialdearekin bat etorriz, Bilboko Udalak azterlan soziologiko bat argitaratu du, herritarren ezagutza-maila eta udal-errealitatearen hainbat alderdiri buruzko pertzepzioa aztertzeko, bai eta udalbatza osatzen duten indar politikoei buruzko iritzia eta boto-estimazioa ere. Txostenaren emaitzen arabera, EAJ-PNV da Udalean duen zereginari dagokionez balorazio onena jaso duen alderdia, 10etik 5,98ko puntuazioarekin, gainerako alderdiak gaindituta. Emaitza horrek agerian uzten du alderdi jeltzalea buru duen gobernu-ereduak gizartean duen babesa, egonkortasunerako, garapenerako eta kudeaketa onerako bokazioa baitu ezaugarri. EAJ-PNVk Bilbon berretsi egiten du pertsonen ongizatean, gizarte-kohesioan eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko hiri inklusibo, dinamiko eta prestatuaren proiekzioan oinarritutako politika publikoak bultzatzen jarraitzeko borondatea.
Lidergoari dagokionez, Juan Mari Aburto, egungo Bilboko alkatea, hiriko buruzagi ezagunena da, %97,1eko ezagutzarekin eta 5,77 puntuko balorazioarekin. Haren figura bilbotar gehienek aitortzen eta errespetatzen dute, eta horrek indartu egiten du EAJ-PNVren konpromisoa, hurbilekoa, eraginkorra eta ongizate kolektiboan oinarritua dagoena.
Balizko udal hauteskundeei begira boto estimazioari dagokionez, EAJ-PNVk berriro ere 12 ordezkari lortuko lituzke, botoen %37,4rekin, egungo ordezkaritza sendotuz eta Bilboko hiriburuan buru den proiektu politikoaren gehiengoaren babesa berretsiz.
Azterlanaren arabera, halaber, gogobetetze-maila handia dago Bilbo bizitzeko leku gisa hartuta (10etik 7,83), eta herritarren %72,1ek uste du hiriaren bilakaera positiboa izaten ari dela. Laburbilduz, azterlanean parte hartu duten pertsonek positiboki baloratzen dituzte Bilboko zerbitzuak eta bizi-kalitatea, bai eta gaur egun egiten ari diren hiri-jarduerak eta -proiektuak ere. Esan daiteke bibotarrek uste dutela Bilbon erraz mugitzen dela oinez; ondo komunikatuta dagoela garraio publikoaren bidez; aisialdirako, kulturarako eta kirolerako aukerak dauzkala; solidarioa dela, garbia, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen duela, eta enplegua eta aberastasuna sortzen dituela. Honetaz gain, uste du segurtasuna, etxebizitza eta aparkalekuak direla datozen bi urteetako erronkak.