Bilbao

Udalak Pabellón 6 eraikinaren berreraikuntza bideratu du, Bilboko EAJ-PNV-k sustatutako proiektua

Espazio berri hau eraikitzen denean, Garabia irekitzearekin batera osatuko da “Zorrotzaurreko irlan eginiko eta bertatik zabalduko diren” arte eszenikoen erreferente izateko pentsatu den udal kulturgune berria

Udalak Pabellón 6 eraikinaren berreraikuntza bideratu du, Bilboko EAJ-PNV-k sustatutako proiektua 31Martxoak
2025

Zorrotzaurre
2025 MartxoaK 31Zorrotzaurre

PARTEKATU

Bilboko Udalak proiektu bat diseinatu du Pabellón 6 berreraikitzeko, eta antzerkiari eta dantzari lotutako eraikin moderno eta iraunkor bihurtzeko. Proiektu hau EAJ-PNVren hauteskunde-programan jada jasota zegoen, eta orain, udal kudeaketaren ardura bere gain hartuta, bultzatu egin du.

Ondoko pabiloiarekin, Garabiarekin, gertatu zen bezala, egungo eraikinaren egitura-egoerak ezinezko egiten du haren berritzea eta aprobetxamendua. Beraz, udal-planak eraikina berriro eraikitzea eskatzen du. Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotziak eta Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu dituzte, gaur goizean, etorkizuneko udal-azpiegitura honen inguruko xehetasunak. Haiekin batera, Ramón Barea aktore, zuzendari eta Pabellón 6-en sustatzaileak prentsaurrekoan parte hartu du. Korporazioko kideek azaldu dutenez, “Garabiaren eraikuntza-lanak erritmo onean doaz. Garabia eta Pabellón 6 Zorrotzaurren eta Zorrotzaurretik arte eszenikoen erreferente bilakatuko den udal-kultur gune baten parte dira”.

Bi eraikinak bi nabe paralelok osatutako industria-pabiloi zahar baten parte ziren. Instalazio horrek hainbat egokitzapen, aldaketa eta konponketa jasan ditu urteetan zehar. Orain, “trakzio-elementu eta kultura-motor gisa finkatzeko behar dituen eraikuntza- eta ekipamendu-berme guztiekin egokitzen ari da”.

Udalaren titulartasunekoak dira biak, eta Udalak mantendu behar ditu. Hala ere, “Pabellón 6” Arte Eszenikoen Sortzaile Elkartea eta bere Gazte Konpainia arduratu dira haien kudeaketaz, eta hala izaten jarraituko du. Udalaren aurreikuspenen arabera, Garabia eta Pabellón 6 eraikinen obrak ondoz ondoko bi fasetan egiten ari dira, hartara, birgaitze-lanak egiten diren bitartean, ahal den neurrian, kultura-jarduera eteteko beharrik egon ez dadin.

Lehen faseko obrak, hau da, Garabiaren – Pabellón 6en konpainia gaztearen agertokiaren– eraberritze integralekoak, 2024ko azaroan hasi ziren, eta uda honen amaieran bukatzea aurreikusten da. Garabia berria martxan eta ekipatuta dagoenean, Pabellón 6en lanen txanda iritsiko da, une horretarako lizitazio-izapide betean egongo dena. Zehazki, Pabellón 6-en proiektua laster onartuko da Gobernu Batzarrean. Lizitazioa 4.153.305,04 eurokoa izango da. Obra adjudikatu ondoren, lanek hamabi hilabete irautea aurreikusten da.

Proiektu berria

Proiektuak Pabellón 6 eraikina eraistea eta berreraikitzea proposatzen du, jatorrizko bolumetriara egokituta. Gainera, lehendik dagoenari bolumen berri bat gehituko zaio ekialdean, bolumen nagusiaren osagarri gisa. Horrela, etorkizuneko Pabellón 6ek ‘L’ forma izango du.

Antzokiko gela nagusiak jatorrizko eta egungo Pabellón 6 eraikina bolumetrikoki kopiatzen duen atalean kokatuko dira. Antzoki horrek 228 eserlekurentzako tokia izango du (beheko solairuaren eta solairuartearen artean banatuta). Beheko solairuko harmailak barneragarriak izango dira eta bolumen horren lehen solairuan kontrol-gela bat egongo da.

Erantsitako bolumen berrian bigarren sarrera egongo da, antzezleek eta antzokiko langileek erabiliko dutena. Atal horren beheko solairuan biltegiak, eszenografietarako tailerra, bi kamerino, komunak eta garbiketa-gela egongo dira, bai eta lehen solairuarekin komunikatzen diren karga-jasogailu bat eta eskailera bat ere. Lehenengo solairuan entsegu-gela, jantzi-tailer bat, office bat eta bulego administratibo bat egongo dira.

Eraikinaren sarbide nagusia jatorrian zegoen leku berean egongo da. Hala, plaza txiki bat sortuko da, etorkizuneko Garabia eta Pabellón 6 espazioen inguruan.

ITURRIA: Bilboko Udala

Interesatu Zaitez

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!