Bilbao

EAJ-PNVk irisgarritasunarekiko duen konpromisoa indartu du, hiru igogailu berri bultzatuz Zurbaranbarrin eta bat Txurdinaga eta Bolueta artean

Igogailu berri hauek gauzatzeko ia lau milioi euro erreserbatu dira, eta, oro har, Udalak martxan jarritako igogailu-proiektu guztietan 17 milioi euro inguruko inbertsioa egingo da

EAJ-PNVk irisgarritasunarekiko duen konpromisoa indartu du, hiru igogailu berri bultzatuz Zurbaranbarrin eta bat Txurdinaga eta Bolueta artean 10Apirilak
2025

Zurbaranbarri
2025 ApirilaK 10Zurbaranbarri

PARTEKATU

Irisgarritasun unibertsalarekiko duen konpromisoaren baitan, Bilboko Udalaren buruan dagoen EAJ-PNVk lau igogailu publiko berri bultzatu ditu. Horietako hiru Zurbaranbarri auzoan jarriko dira eta beste bi jasogailu eraikitzeko aldez aurreko jarduketa osatuko dute – obrak amaitzear daude –; laugarrena Txurdinaga eta Bolueta auzoen artean kokatuko da.

Bi proiektuak eta horiek gauzatzeko aurrekontu-partidak laster onartuko dira Gobernu Batzarrean. Zehazki, Zurbaranbarriko hiru igogailu berriak egiteko 2.543.462,19 euro (BEZa barne) gorde dira, eta Boluetakoa egiteko 1.359.889,77 euro (BEZa barne).

Ardatz irisgarria Zurbaranbarrin

Obrak esleitu eta hasi ondoren, hamalau hilabetean gauzatuko direla aurreikusi da. Zurbaranbarrin egingo diren hiru elementu mekaniko berriek auzo horretako aldapa handiak arintzen lagunduko dute, auzoak irisgarritasun zaila baitu, bai orografiagatik, bai bere garaian urbanizatu zen moduagatik ere.

Desnibel handiko kale paralelo batzuek osatzen duten eremuan jarriko dira jasogailuak eta horietako bakoitzak bi geraleku izango ditu. Izan ere, esku hartuko den eremuko gorengo aldetik baxuenera 15 metro inguruko kota-aldea dago.

Zehazki, hiru igogailu berrietatik lehena Zurbaranbarri kaleko 23. zenbakiko blokearen albo batean jarriko da. 5,27 metroko desnibela gaindituko du eta 24. eta 25. zenbakietako blokeetako plataformarekin konektatuko da. Orain eskailerak dauden lekuan kokatu da eta horretarako, eskailerok eraitsi eta berriak egin beharko dira, espazio berrira egokituta.

Bigarren jasogailua lehenengotik oso hurbil egongo da, aipatutako 23. zenbakiko blokearen atzean. Honako honetan, 4,61 metroko desnibela gaindituko du, eta, horrekin batera, sarbide zuzena emango zaie 26. eta 27. atariei. 6,5 metroko luzerako pasabide bat egin beharko da igogailua eta goiko aldeko urbanizazioa lotzeko.

Azkenik, hirugarren igogailua gaur egun 30E eta 28 blokeak lotzen dituzten eskaileretan egongo da. Eskailera horiek 30D eta 29 atarietarako sarbidea ere ematen dute.  3,98 metroko desnibela gaindituko du.

Boluetako igogailua

Proiektuan dagoen beste igogailua Bolueta eta Txurdinaga auzoen arteko mugan kokatuko da, Begoñako 4. barrutian. Zehazki, Julian Gaiarre etorbidearen eta Bilbo-Galdakao N-634 errepidearen artean.

Desnibel handia du, 12 metrotik gorakoa. Gaur egun eskailera batzuk daude desnibela gainditzeko. Eta, hain zuzen ere, ibilbide irisgarri berri bat sortzeko pentsatu da jasogailu berria egitea.

Bi geraleku izango ditu, 180º-tan jarrita. Behekoa N-634 errepidean egongo da, eta goikoak Julian Gaiarre etorbidearekin lotuko du, 15,85 metroko luzerako pasabide baten bidez. Bi geralekuetako irteeretan, hiri-altzari berriak jarriko dira (paperontziak eta bankuak). Gainera, argiteria indartuko da eta udal kanalizazio berriak egingo dira, zuntz optikoa sartuz.

Egituraren aldetik, aurrekoak bezala, nukleo bertikala eta egitura metalikoa izango ditu, beira laminatuz estalita. 13 lagunentzako lekua izango du eta bideoz zainduta egongo da eguneko 24 orduetan.

Igogailua egiteko aurreikusitako epea, behin obrak esleitu eta hasita, zazpi hilabetekoa da.

ITURRIA: Bilboko Udala

 

Interesatu Zaitez

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!