Proiektuok jeltzaleen 2023ko hauteskunde-programan jasota daude. Masustegi auzoko umeen gune berriak 85.872 euroko aurrekontua izan du, eta Deustukoan, berriz, 167.739 euro inbertitu dira.
14Apirilak Bilboko EAJ-PNV-k beste bi konpromiso bete ditu; oraingoan, hiribilduko haur txikienekin: Masustegiko haur gune berria eta Deustuko Botika Zaharreko jolastoki berritua zabaldu ditu, bi guneetan hilabeteetan burutu diren obren ondoren. Proiektuok jeltzaleen 2023ko udal hauteskundeetarako programan jasota zeuden.
8. Barrutiko espazio berria Masustegi estratako 49. eta 53. zenbakietako higiezinek osatzen duten plazan sortu da eta 85.872 euroko aurrekontua izan du. Plaza horren konfigurazioak, zeina erdiko harmailadi baten bidez konektatutako bi mailatan banatu baita, bi eremu desberdin proiektatzea ahalbidetu du: bata (behekoa) egoteko modukoa, non hiri-altzari berriak jarri baitira, eta bestea ludikoa (goikoa), non jolaserako elementuak jarri baitira. Bi mailak batuz txirrista bat instalatu da. Umeentzako jolas guztiek, bai goiko aldean daudenek, bai txirristak, kautxuzko segurtasun-azalera daukate. Era berean, plazaren perimetroan dagoen bankua egokitu da eta goiko aldean dagoen horman horma-irudi bat egin da ingurua apaintzeko.
Botikazarreko jarduketa amaitu berri dela, Udalak helburu bi lortu ditu: alde batetik, eremua berritzea; eta, bestetik, ahalik eta jolas-parke inklusiboena sortzea. Jolasguneak 300 metro koadro inguruko azalera dauka, eta zero eta hamabi urte bitarteko umeentzako zortzi elementu berri instalatu dira, adinaren arabera taldekatuta. Lehendik dagoen elementu birakari inklusibo bat mantendu da, egoera onean baitago. Gainera, parkean dagoen jolasgunearen estalkiaren azpian beste hiru banku jarri dira, eta kautxuzko zoladura berritu da esku-hartzea aprobetxatuta, elementu berriei egokitutako diseinu berriarekin. Jarduera horren aurrekontua 167.739,72 eurokoa izan da.
ITURRIA: Bilboko Udala